Xabier Gartzia, Nafarroako III. Gazte Parlamentuko lehendakari berria

Nafarroako III. Gazte Parlamentuaren irekiera-ekitaldia izan da gaur arratsaldean Nafarroako Parlamentuaren osoko bilkuren aretoan. Ekitaldian proiektuaren aurtengo edizioan aritzeko hautatu diren 30 gazte nafarrak izan dira, eta haiekin batera aurreko edizioan aritu ziren gazteak eta Nafarroako hainbat parlamentari ere bai. Aurtengo lehen bilkuran Xabier Gartzia hautatu dute Gazte Parlamentuko lehendakari.

Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko (NGK) buru Juan Gutiérrezek ekimen hau zein sendoturik dagoen goraipatu du bere hitzaldiaren hasieran: “Gazte Parlamentuaren proiektua aitzindaria eta berritzailea da, eta gure uste batzuk sendotzen ditu: gazteok asko dugu esateko eta ekarpen handiak egin ditzakegu, gazteon beharrizanak eta arazoak bereziak dira, eta gazteok gauza gara geure egoera, eta gizarte osoarena, hobetzeko proposamenak egiteko”.

Gainera, aurreko edizioak gogorarazi ditu: “aurreko bi ekitaldietan hamaika proposamen onartu ziren (garraio-txartel bakarra, lehen sorospenak ikasgeletan eta emantzipatzeko laguntzak, besteak beste) eta haietako lau orduko Kultura, Kirol eta Gazteria Batzordean aztertu ziren”.

Beste alde batetik, Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek proiektuaren balioa aipatu du, eta esan du “Gazte Parlamentuaren alde egiten” jarraituko duela. Gainera, gazteriaren inguruko estereotipoez mintzatu da: “Gazteak politikaz eta herritarrengandik geroago eta urrunago omen dauden parlamentuak bezalako erakundeez arduratzen ez direlako estereotipoa erraz hausten da gaurko bilkurakoa bezalako irudiekin. Eguneroko jardunak eta zuen lanak erakusten dute Nafarroako gazteek politikan aritu nahi dutela eta Parlamentu honek bere lana egin nahi duela, hau da, herritarren ordezkaritzan jardun eta nafarren aldarrikapenen eta kezken ardura eduki”.

Hitzaldien ondoren II. Gazte Parlamentuaren itxiera-ekitaldia egin da, aurreko edizioaren amaieran ezin izan baitzen egin osoko bilkuren aretoan egiten ari ziren lanengatik. Ekitaldi honetan aurreko edizioan aritu ziren gazte gehienak izan dira; horiek beren esker ona azaldu dute eta aholkuak eman dizkiete aurten Parlamentuari atxiki zaizkion gazteei.

Ondoren, Nafarroako III. Gazte Parlamentuaren irekiera-ekitaldi ofiziala hasi da. 30 gazteetako lauk lehendakari izateko hautagaitza aurkeztu dute. Bakoitzak bere hautagaitza modu formalean aurkeztu ondoren hitzalditxoa egin du atril nagusitik eta gero bozketak egin dira. Xabier Gartzia hautatu dute lehendakari, Ana Tirapu lehen lehendakariorde eta Garat Gaztelu bigarren lehendakariorde. Ander Aranguren laugarren gelditu da.

Gero Mahaia eratu da eta hitz egiteko txandak hasi dira. Hitz egiteko txandan Gazte Parlamentuko kideek denetariko gaiak aurkezteko aukera izan dute: klima-aldaketa, adimen-osasuna eta nekazaritza-eremuetako egoera, besteak beste.

Mahaia, eta beraz Gazte Parlamentuaren 3. edizioa, modu formalean eraturik dagoenez gero, hilabete barru osoko bilkura eginen da eta bertan Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Berdintasuneko Batzordearen bidez Nafarroako Parlamentura bidaliko diren proposamenak landuko dira.

Inoizko botorik gehien

III. Gazte Parlamentuko kideak hautatzeko bozketak irailaren 30etik urriaren 6ra bitartean egin dira. Guztira, 47 hautagaitza baliodun jaso ziren, eta Nafarroako gazte guztiek ematen ahal zuten botoa web orriaren bitartez. Aurten sekulako botorik gehien jaso dira: 1.200. Izan ere, aurtengo boto kopurua iazkoa halako bi izan da.

 

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*