Adierazpena: Urtarrilaren 30ean Greba Orokorra Lan-Pentsio-Bizitza

Urtarrilaren 30ean Greba Orokorra izango dugu, Eskubide Sozialen Kartak deitua, sindikatu eta eragile sozial ugarik osatzen dutena (pentsiodunak, feministak, ekologistak, gazte-mugimendua, ikasleak, bazterketa sozialaren aurkako plataformak, ekonomia sozial eta solidarioaren sarea…).

Pentsiodunen mugimenduaren deiari erantzunez antolatu da Greba Orokorra. Etengabe mobilizazio indartsuak egiten kalean bi urte eman eta gero, jauzi kualitatibo bat emateko beharra planteatu du mugimenduak, borroka justu horren alde beste kolektibo batzuk gehituz. Gaurko pentsiodunei eta etorkizunekoei, guztioi eragiten digun borroka da pentsio sistema publikoa defendatzea, horregatik exijitzen dugu 2011 eta 2013ko erreformetan onetsitako pentsio-murrizketak indargabetzea, pentsio sistema publikoa defendatzea, lan harremanetarako eta babes sozialerako sistema propioa lortzea, 1.080 euroko gutxiengo soldata aldarrikatzea edota eros-ahalmena legez bermatzea.

Gainera, Greba Orokorrarekin, eta aurretik lantzen ari den dinamikarekin, prekarietatearekin amaitu eta lan baldintzak duintzeko neurriak hartzeko beharra jarri da mahai gainean. Neurri horien artean daude: azken lan-erreformak bertan behera uztea, lanaldia 35 ordura arte jaistea, 1.200 euroko gutxiengo soldata ezartzea, soldata-arrakala amaitzea nahiz azpikontratazioetan enplegua eta lan-baldintzak bermatzea, prekarizazioari aurre egiteko bestelako neurri batzuekin batera.

Gure ustez ezinbestekoa da sistema hau aldatzea, bizitza duin bat bermatu eta planeta duin bat izatekotan. Mugimendu ekologistaren borroka hala nola esparru honetan lanean dabilen gazteria errekonozitzea. Larrialdi klimatikoari aurre egiteko neurri errealak proposatzen ditugu: igorpenak murriztea, karbono igorpenen muga ezartzea… Planetaren suntsiketa bultzatzen duten proiektuak geraraztea: TAV-AHT, Zubietako erraustegia, gas putzuak, etab. Eredu aldaketarako neurriak sustatzea. Ez irudi berdearen garbiketari!

Era berean, egun ukatuak diren eskubide sozialak aitortzea aldarrikatzen dugu besteak beste, alokairu sozialeko etxebizitzak eskuragai izatea edota menpekotasun egoera guztiei erantzuten egokia ematea, zerbitzu sozialen sistema publiko, unibertsal eta doakoaren bidez. Bizitza erdigunean jarriko badugu, ezinbestekoa da zaintza lanak ikusarazi, duindu eta bermatzea.

Nafarroako gazteriak ere lan harremanetan, eta bizitzako esparru gehienetan ere prekarizazio prozesu hau nabaritu du, eta gaur egun ere sufritzen du; langabezi tasa altua, aldi baterako kontratuak, praktika kontratuak, partzialitatea,  autonomo faltsuak, gizon eta emakumeen arteko soldata-arrakala injustu bat, emantzipaziorako zailtasunak, soldataren zati garrantzitsu bat eskatzen duten alokairuak, hezkuntza publikoan murrizketak eta pribatizazioak ikusi ditugu, eta bestelako prekarietate egoerak gure bitzitzetan eta harreman pertsonaletan eragina dutenak. Grebarako arrazoiak soberan ditugu, eta premiazkoa da prekarietate egoera orokortu honi aurre egiteko neurriak hartzea.

Zentzu horretan, Nafarroako Gazte Parlamentua urtarrilaren 30ean Greba Orokorraren deialdira atxikitzen da, eta modu berean, dei egiten dio nafar gazteriari greba deialdira batu eta deitutako mobilizazioetan parte hartzera.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*